leer.... y aprender!!2
Orreaga 778
Disko berria zuzenagoa da, oldarkorragoa!
Joan den urtean ezagutu genituen lau kantuz osaturiko lan batekin, eta dagoeneko kalean dute Puzkarra Records zigilupean iraupen luzeko lehen lan luzea: "Bide bakarra". Punk Oi! musika lantzen dute, letra zuzen eta indartsuekin. Pepinok, Ijurkok, Peiok eta Alexek parte hartu dute elkarrizketa honetan.
2004 urte bukaeran ekin zioten ibilbide musikalari Orreaga 778 izenpean. Kontzertu mordoa eskaini dituzte gaurdaino eta zuzeneko talde moduan identifikatzen dira. Eszenatoki txiki, gaztetxe edo taula handietan aritu izan dira: Taldea sortu genuenetik, kontzertu dezente jo ditugu. Urtebetean, 40 emanaldi eskaini ditugu. Talde hasiberri batentzako zenbaki polita da. Gehienak Gipuzkoan izan dira, eta Bizkaian ere dezente jo dugu. Zuzeneko dezente izan diren arren, entsegu lokalean ere murgildu dira orain aurkeztuko dugun disko berria prestatzeko.
Lan berrian, zenbait aldaketa nabarmentzen dira estreineko diskoarekin alderatuz. Nabariena, taldea musikalki hazi dela izan daiteke, soinu bateratuago bat lortu baitute. Bestetik, ahotsaren indarrean sumatzen da aurrera beste urrats bat. Peio taldeko abeslaria ahotsen lanketen inguruan mintzatu zaigu: Pasa den urteko lau kantuak nire lehen grabaketa izan ziren eta zapore gazi-gozoa utzi zidaten. Lan berrirako, ahots oldarkorrago bat bilatu dugu eta emaitza indartsuagoa dela esan daiteke.
Musikalki, betiko ildoan
Musikalki, taldea sortu zuteneko bideari eutsi diote. Punk eta Oi! musika jorratzeko asmoz sortu zen taldea eta lan berrian ere musika eragin horiek entzun daitezke. Punk Oi! abesti zuzenak egiten saiatzen gara. Musikalki ez gara oso trebeak eta ez ditugu lore asko sartzen gure kantuetan. Pepinok zehazten du taldearen ideia: Musika tresnak ongi jotzeari baino, kantu onak egiteari ematen diogu garrantzia.
Musika tresnak ongi jotzeari baino gehiago, kantu onak egiteari ematen diogu garrantzia
2006ean argia ikusi zuen disko txikian hasitako ildoari jarraikiz, Euskal Herriko borrokarekin harremana duten letrak landu dituzte disko berri honetan ere. Herri honen ibilerak dituen milaka pasarte eta milaka borroka islatu nahi izan ditugu. Harri bat jaso eta borroka bat azaltzen da, dio Alexek hitzak aipatzerakoan. Orreaga 778 taldeak borroka kantuak lantzen ote dituen galdetuz gero, Peiok erantzuten du: Borrokarako kantuak lantzen ditugu, reibindikatiboak. Letren bidez iritsi nahi dugu entzuleengana eta gure pentsaera zabaldu. Pepinok gaiari eusten dio: Euskal Herriko borroka nazionala, borroka soziala, edo, bide horretan, borroka pertsonala ere islatzen da letretan. Gure jendearen kontzientziak ere ukitu nahi ditugu hitzekin.
Punk Oi! eztanda
Orain dela urtebete inguru taldeari eginiko elkarrizketa batean, Punk-Oi! musikaren gorakadaz hitz egin genuen. Geroz eta talde gehiago topatzen ari gara musika mota horixe lantzen eta kontzertuak ugaritzen joan dira. Ijurkok heldu dio gaiari: Gorakada Euskal Herri osora zabaldu den arren, batez ere Gipuzkoan sumatzen da eztanda hori, eta talde asko sortu dira azken urte hauetan. Orreaga 778 talde bezala, saiatzen gara mugimendua sendotzen eta bizirik mantentzen. Mugimenduaren berri ematen segitzen du taldeko bateria-joleak: Talde piloa sortu da, diskoetxeak, fantzineak... Oso positiboa da guztia, nahiz eta badagoen ezkorrak diren gauzak. Zenbait jenderen portaera ez da oso egokia, baino gutxienekoa dira. Ijurkok azaldutako ideiari jarraikiz, "Bide bakarra" diskoaren liburuxkan irakur daitezke gogoeta horren ingurukoak.
Puzkarra Records Zigilupean
Lan berrirako ere, Puzkarra Records zigiluarekin egin dute lan. Harreman zuzena da zinez, Pepino taldekidea Puzkarrako sortzaile baita. Euskal Herriko diskoetxeak hasiak dira Punk-Oi! taldeetan arreta jartzen, eta aukera horretaz galdegin diogu Ijurkori: Oso argi dugu. Orreaga 778k ez du inoiz diskoetxe batekin sinatuko. Ez gara inoren menpe egongo. Puzkarra Records zigiluan autogestioa da nagusi, eta bide horri lotzen zaizkio Orreagatarrak: Puzkarrak egiten duen lana diskoak zabaltzean eta promozioan oinarritzen da. Gure diskoak Euskal Herrian zabaltzen ditu, eta kanpora begira penintsula osora banatzen dira. Epe laburrean, diskoak Europa aldera mugitzeko asmoa dugu.
Oso argi dugu. Orreaga 778k ez du inoiz diskoetxe batekin sinatuko. Ez gara inoren menpe egongo
Aurrera begira, zuzenean jotzeko ideiari lotzen zaizkio. Galiziara eta Bartzelonara joateko asmoa dute eta taldearen mezua gure mugetatik kanpora ere zabaldu nahi dute. Bitartean, Euskal Herriko eszenatokietan topatuko ditugu.
0 comentarios