Blogia
jOnE GiSasOla!!

leer.... y aprender!!

Orreaga 778

Oi! musika abertzalea jotzen dugu

Hernaniko eta Añorgako lau lagunek osatzen dute Orreaga 778 taldea. Punk eta Oi ! musika jorratzen dute nagusiki, eta azken urtean, gorakada izan duen mugimendu baten barnean koka ditzakegu. Sortu berri den Puzkarra Records zigiluak argitaratu die, lau kantuz osaturiko lehen lana.

Nolakoak izan ziren taldearen hastapenak?
2004 urte amaieran Hernaniko lokaletan hasi zen Orreaga 778 taldea izango zena gauzatzen. Hasierako unean, gaur egun taldea osatzen dugun laukoa batu baino lehen, Garbi egon zen gurekin baxua jotzen. Lehen kantak Añorgako lokalean atera genituen, eta gerora pasa ginen Hernaniko entsegu lokaletara. Gutariko bi, Afonia taldean aritu edo aritzen gara. Ijurko (bateria) talde horretako abeslaria izan zen, nahiz eta taldea utzia duen jada. Pepinok (baxua), ordea, gitarra astintzen jarraitzen du Afonian. Beste bi kideei dagokionean, lehen taldea da Orreaga 778, Lastreren estreinakoa baita Peiorena ere. Nahiz eta azken hori, Kalekumeak taldearekin igo izan den eskenatokira behin baino gehiagotan.

Musikalki, non kokatuko zenukete zuen musika?
Lokalean hasi ginenean, argi genuen zein musika jorratu nahi genuen. Punk eta Oi! Musika entzuten dugu nagusiki eta ildo horretatik jo genuen. Naturalki ateratzen zaigun gauza bat da. Talde hasiberri bat garela jakin badakigu, eta oraindik gure tresnak menperatzen ikasten gaude. Etiketaren bat eskatuz gero, Oi! abertzalea jorratzen dugula esango genuke.

Aipatu duzuenez, Oi! abertzalea jorratzen duzue eta zuen kantuak Euskal Herriaren gatazkaren borrokari buruz dira.
Gure arbasoen garrasia izeneko kantak, esate baterako, euskal gatazka ez dela azken 40 urteetako gauza dio, aspaldidanik datorren borroka dela. Gure hitzen gehiengoak ildo hori jarraitzen du, baina badira ere pertsonalagoak edo beste era batekoak.

Taldearen izenak ere lotura zuzena du Euskal Herriko historiako pasarte batekin…
Izena azkar atera zen. Gure herriaren historiarekin lotura izango zuen izen bat bilatu nahi genuen, eta Orreagako gudua etorri zitzaigun gogora. Garaipen handi bat izan da gure herriarentzat. Izenarekin batera, gertatu zen urtea jarri genuen. Hasieran beste izen batzuk aztertu genituen, baina kantuak ildo bat jarraitu zutela ikustean, Orreaga 778 hautatu genuen.

Nola burutu zenuten lau kantu hauen grabaketa. Zein izan da lana grabatu duen teknikaria?
Reyerta fantzineak kantu bat eskatu zigun disko bilduma baterako. Valium Generation taldeko Aitorrekin hitz egin genuen eta kantu bat grabatu behar genuelaren aitzakiapean, diskoa osatzen duten kantuak grabatu genituen. Pozik gaude Aitorrek eginiko lanarekin. Azken aldian, gauza majoak grabatzen ari da: Afoniako singlea, Oztopo, Txakurrak…

Puzkarra Records zigilua izan da zuen lana kaleratu duena. Zuetako batzuk ere, bertan aritzen zarete.
Bando Punk fantzinea egiten hasi ginen eta zigilua beste pauso bat da. Fantzinearekin eginiko bideak, gauzak egiten erakutsi digu. Doubling Boys taldea izan da zigiluaren lehen erreferentzia. Bertako taldeak kanpora ateratzea da gure asmoa. Bigarren lana gure diskoa izan da, eta laster argitaratuko da Afonia taldearen binilozko singlea.

Taldea sortu zenutenetik benetako ibilbide azkarra izan da zuena: kantuak egin, CDaren grabaketa eta zuzenekoak.
Ez geneukan gure musika tresnen ezagutzarik, eta gure gogoek atera dute taldea aurrera. Zuzenean jotzeko aukera izan genuen lehen aldian igo ginen taulara eta inongo lotsarik gabe aritu ginen. Kontzertua nahiko kaxkarra izan zen, baina era berean, Orreaga 778ren lehen pausoa izan da. Talde diziplinatua garela esango nuke, gure tresnak jotzeko unean dugun eskasia, taldeak jartzen duen ilusioarekin garaitzen dugu.

Punk eta Oi! Mugimendua gorakada izugarria ezagutzen ari da, Gipuzkoan batez ere. Zuek ere talde berri horien artean kokatzen zarete.
Mugimendua, une onean dagoela esan behar da. Gipuzkoan izugarria da zenbat talde atera den. Arrasate edo Oñati inguruan beti izan da giro bat, baina, gaur egun, zabaldu dela nabaria da. Bizkaian ere badago mugimendua, Bilbo aldean, Suspenders edo Oi Kobras daude, Ondarrun, Jonhy Gerriwelt. Araban ere, Mossin Nagant daude, Nafarroan, Gatazka Oi. Ipar Euskal Herrian ez dago gauza handirik oraintxe bertan, lehen Psikaostrops Ziburutarrak (Lapurdi) zeuden, baina gaur egun, desagertu dira.

Mugimenduaren gorakadaren arrazoi handi bat Des-kontrol taldea da. Bera izan da bultzatzailea eta jarraitu beharreko erreferentzia. Skinhead mugimenduaren gorakada ere hor dago, eta azken batean, lotura bat dago skinhead giroa eta streetpunk eta Oi! musikaren artean.

0 comentarios